XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. IRAKURGAIA

HIZKUNTZA FAMILIAK

EUROPA / AFRIKA / OZEANIA / ASIA

Tradizio judutarraren arabera gizaki guztiek aintzin-aintzinean hizkuntza beraz hitz egiten zuten, baina zeruraino helduko zen Babeleko dorrea egin nahi izan zutenean, Jainkoak, zigor gisa, beren hizkerak nahastu egin zituen eta beren dorrea egiteari utzi egin behar izan zioten elkarri ezin ulertuaz.

Interpretazio hori gorabehera, badirudi hizkuntza guztiek sustrai amankomuna eduki zezaketeela, baina hizkuntzalariek gehien frogatu ahal izan dutena da munduan dauden hizkuntzak sustrai bereko 20 familiatan sailka daitezkeela, 5 hizkuntza umezurtz izan ezik.

Familia horietako batzuk harrigarriak irudituko zaizkio ez adituari, indoeuroparra kasu.

Hizkuntzalariek behar adina antzekotasun aurkitu zituzten Indiako lehengo sanskritoa eta hizkuntza europarren artean denak familia berekoak direla baieztatu ahal izateko.

Horrela, aita sanskritoz pita zen, gotikeraz fadar, ingelesez father, alemanieraz vater eta latinez pater.

Ez adituari desberdinak irudi dakizkiokeen honelako hitzak eta egiturak, berdinak ziren hizkuntzalarientzat eta horrela joan dira munduko hizkuntzen atlasa osatzen.

Munduko hizkuntzak familiaka sailkatzea lortu arren, munduko bost hizkuntzaren sustraiak ez dira oraindik aurkitu.

Horietako 4 Asian daude (burutxaski-era, ket-era, gijalki-era eta nahali-era) eta bat Europan, euskara hain zuzen ere.

Izan ere, euskararen kasuan hainbat teoria izan dira bere jatorriari buruz, hizkuntza kaukasiarrekin lotuz, berberierarekin lotuz edo aintzinako iberierarekin lotuz, baina oraindik batere frogatu gabe dago.

Horrek, ordea, ez du esan nahi euskara edo aipaturiko beste lau hizkuntza umezurtzak isolaturik bizi izan direnik eta beste hizkuntzen eraginik ez daukatenik.

Agerikoa denez, euskarak inguruko hizkuntzen eragin handiak jaso ditu, latinetik batez ere bai lexikoan, bai morfologian zeren inguruko hizkuntzen eraginak jasotzen jakin baitu bere sustraiak tinko mantenduaz.

Isolaturik bizi izanik erraza izango litzateke hizkuntza mantentzea, baina euskararen meritua inguruko hizkuntza ahaltsuei zabalik egonda bizirik egon ahal izana izan da.

Orain arte behintzat.